Azkenaldian Iruñeak begirada atzera bota eta aurreko bideari ekin ordez, atzera begiratzen jarraitu eta egindako bidea desegiteari ekin dio. Maya alkateak betiko lepotik burua eta begiramenik gabe jarraitu du aurrera berearekin. Aurrera bai, txiste txarrean bezala UPNkoek ez baitute atzera egiten, bira erdi eman eta aurrera jarraitzen baitute beti ‘Navarra siempre p’alante’ euren lelo ofiziosoari tinko.
Honakoan, betiko moduan alegia, euskaldunon txanda izan da. Alde batetik udal haur eskoletatik euskara zokoratzeko aldebakarreko erabakia. Bestetik euskal komunikabideak bakarrik, kasualitate hutsez, aukerarik gabe uzten dituen udal publizitaterako deialdia. Hurrengoa Iruñea hiri izena bera baliogabetzea apustu baietz. Ironia hutsa aurreko legegintzaldian euskararen eta hizkuntza eskubideen normalizaziorako egindako pauso txikiek eman zuten lanaren aurrean, horiek desegiteko dagoen erraztasuna. Gehiengoa edukitzeak desegiteko erraztasun demokratiko handiagoa ematen duela dirudi eraikitzeko baino.
Euskaldunok etxean arrotz egiteko estrategia bat dagoela edonork ikusten du. Bereziki UPNk berak edo bere akolito navarrosumoek harrotasunez hala aitortzen dutelako. Desnaturalizazio horren helburua dutenik ez baitute inoiz ukatu.
Hemen gure eskubideak urratzen ari dira, etxean arrotz nahi gaituzte, eta hori gauzatuko den, betiko moduan tamalez hautestontziek esaten ez badute herriak berak esango du.