Zergak zertarako

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2019ko abe. 20a, 14:25

Nafarroan zergek gizarte mailan sortzen duten iskanbila nabarmena da. Ausartuko nintzateke esatera Estatu mailan baino iskanbila handiagoarekin eztabaidatzen dela hemen gai honekin. Eta normala deritzot, autogobernuaren eta forutasunaren giltzarri garrantzitsu den heinean.

Zerga sistemak ez dira inoiz ulergarriak zerga horiekin edo horiek gabe zer egin daitekeen antzematen ez bada. Zergen teorian, gizarte zuzen eta orekatuagoa lortzeko tresnak direla esaten da. Horiekin diru sarrerak handitzen dira, ongizatean horrek dituen ondorio positiboekin. Ez dago askoz gehiago, teorian. Eta denek dakite eta darabilte teoria ahotan.  Praktikan ez. 

Mundu honetan egia ziur bakarrenetakoa matematika da, zenbakiak. Horiek ez dute gezurrik esaten eta errealitatea zorrotz eta leial islatzen dute. Eta egia borobila da Nafarroan Sozietateen Zergarekin jasotzen dena oso gutxi dela. Lanaren gaineko zergak jasaten duela gastu publikoaren gehiena. Ondarearen gaineko zergak ez duela aberatsik txirotzen ezta hemendik uxatzen ere. Hor daude datuak.

Eskuinak bere zerga proposamenekin Ongizate Estatua suntsitu eta desoreka sortu nahi badu, esan dezala argi eta garbi. Bestelakorik badio, ez da egia. Gezurra da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!