Francoren hilotza

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2019ko urr. 25a, 13:04

Atera dute Franco. Berandu dator ekimena ordea. 40 urte berandu eta eskas. Asko baitago oraindik egiteke. Badu gobernuak zertan lanean aritu oraindik: frankismoaren milaka biktima bidezidorretan eta hobi komunetan identifikatu gabe; milaka kaskamotz utzitako emakumeren eta espetxeratutakoen oroimena ahazturik; eta milaka alargun eta umezurtz inolako erreparaziorik gabe.
Oroimen historikoa pertsona bakarrean eta ekintza bakarrean konpondu nahi izan dutela dirudi.
Erabateko krisialdi demokratiko eta instituzionalean murgildurik egon beharra izan du egungo sistemak, eta antzeko egoeran gutxiengotik irten nahi duen Pedro Sánchezen jardungo gobernuak, diktadorearen hilotza bere ohorezko ehorztokitik ateratzeko. Komunikabideen zuzeneko jarraipen osoarekin, doluz jantzitako Justizia ministroarekin, eta Espainiako Presidentea bere umiltasun faltsuarekin, hauteskundeak jomugan bere alderdiaren lorpena goraipatuz. Xumea eta diskretua ordez ohorezkoa dirudi deshobiratzeak. 
Bien bitartean Mingorrubioko hilerrian espainiar legioaren ereserkia, Francori gorazarreak, bandera frankistak, Tejerori txaloak. Franco Fundazioaren lore sortak ere bertan. Ulertuko lukete hau Alemanian Hitlerekin edo Portugalen Oliveira Salazarekin?
Argi dago Frankismoa ez dela hilotz batekin amaitzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!