Antonio eta Enrique

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2015ko aza. 6a, 12:49

Bart, Nebulan, bi katalanekin egin genuen topo. Antoni eta Enric, demagun. Iruñeko Fnac berrira lanera etorriko diren bi “atzerritar”, kakotsen artean. Katalanak, ‘independentziaren aldekoak, nola ez?’, uste genuen lagunek, azken finean estatistika kontua zen. Noraino gure harridura orain astebete Iruñera etorritako bi Bartzelona eta Badalonako mutil hauek Enric eta Antoni izan ordez, Antonio eta Enrique, katalanak bai, baina Espainiar konbentzitu harroak zirela. Batak aberria bere familia, kalea, auzoa dituela. Bestea apatrida, banderetan sinesgarritasun eza zuela eta orainartekoa hala bazan, sar dadila kalabazan, berak ez baitu aldatzeko inongo interesik.

Hona etorriz, bazuten Nafarroarekiko iritzia ere. Ez zuten ulertzen nolatan, haien hitzetan eta kakotsen artean, nabaezpada inork gaizkiulerturik eduki ez dezan, kakotsak “Nafarroak duen historia ederrarekin nolatan egon daitekeen euskal autonomia erkidegoak irenstea nahi duenik. Nafarroa dela historia propioa duena, eskubideduna eta abar.” Kakotsak. Estatu mailan armarriaren laurdena izateak horrelakoak ditu askotan. Eta Enriquek eta Antoniok hori da Kataluniatik, Badalonatik batak, bere kale, auzo eta familiatik besteak, gure errealitatearekiko zuten irudia. Irudi faltsua alegia.

Euskaldunok beste ezer ez, baina horrelakoetan tabernetan hitz egiten espezialistak omen; eta gaua luzea izan zen Nebulan. Tabernako kutxak eskertuko zuen, eta Enrique eta Antonioren iritzia ez dakit lagunen artea aldatzea lortu ote genuen. Iritzia aldatzea baino iritzi egiazaleagoa eraikitzea bederen. Batek esan zidan moduan, ez dakit bi hauek hemendik Andoni eta Endika bezala aterako diren, edo Enric eta Antoni bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!