Zerbait aldatu da gure aditz arrunten konjugazioan. Noizpait hilko ginela bagenekien baina noiz….hori ez zegoen zehazterik. Heriotza noiz zetorkion norbaiti…hori ez zen aldez aurretik jakiterik. Orain hori aldatu da. Bihar Iñaki hilko da esan zidatenean ba…aho zabalik geratu nintzen. Ta egia zen….Iñakik esan zien bere gertukoei lasaitasun osoz, hurrengo eguna izanen zela bere azken eguna. Ezin zuela gehiago bere gaitzaren ondorioz jasaten zuen bizitza kalitate txarrarekin. Oinazearekin bukatu nahi zuela ta kitto. Eutanasiaren legeak bizitzaren etena baimentzen du. Baldintza batzu bete behar dira noski legez eten hori onartuta izateko. Iñaki hil zen egunean bazetorren eskutitz bat egunkarian eskubide hori bera ukatzen zuena. Behin eta berriz argia, argitasuna, maitasuna aipatzen zituen sinismen erlijiosoen eragin nabarmena zeukan hiritar horrek. Bere argudioak ez zitzaikidan baliogarri iruditu inolaz ere. Iñakik argitasun osoz hartu zuen bere erabakia eta biziki maitatua zen bere familian. Bere lagunak ere ez ziren gutxi, maite zuten, noski eta denek ulertu zuten. Neri gogorra egin zitzaidan. Oso ausarta iruditzen zait Iñakiren erabakia. Buelta asko eman nizkion aferari nire buruan. Ez gaude horretara ohituak batere. Suizidioak aspalditik oso konnotazio ezkorrak izan ditu gure gizartean eta eragin astunak gure kontzientzian. Baina, argi mintzatu gaitezen. Iñakiren gabezia sumatuko dugu, are gehiago bere gertu gertukoek baina bukatu dira bere oinazeak eta beraz dagoen tokian egonda askoz hobe dago.