Onerako ez da inoiz berandu. Fobiak uxatzeko ere inoiz ez da berandu. Nik, urte askotan ez dut txakurrekin gertutasunik izan. Txikitan batek hozka egin zidan eta beste bat gainera erori zitzaidan bere etxearen babesean zebilelako nunbait. Ez zidan bigarren honek hozkarik egin baina…
Oraingo momentua oso bestelakoa da. Lau izenekoa gertu dabil eta zakur txiki eme honek erabateko aldaketa eman dio nire aspaldiko fobiari. Egia esan, txakurren keinuak, oso keinu esanguratsuak eta ulerkorrak dira eta sekulako aurkikuntza izan da niretzat keinu horiek ulertzea.
Lau ez da nire nirea den txakurra baina bai etxeko familia osoarena. Duela gutxi lagun bat etorri zen bisitan eta Lau egon ohi den bere bizitokitik pasatu behar izan genuen. Lagunaren zapatak usaindu zituen behar bezala eta lana bukatuta tinko tinko neri begira geratu zen. Nabarmen egiten zidan galdera. ¿Baina…hau nor da? Lauk ez du hitzik esaten baina galdetu bai. Ta haren jakinahia neureganatuta erantzun nion: Lasai, laguna da.
Are gauza miresgarriagoa gertatu da ondoren.
Neguko egurraren pilaketan ari ginelarik, erori egin nintzen, ankaz gora erori, ta Lau, ordurarte temati zuloak bere hatzaparrekin zabaltzen zebilela, entretenimendua utzi ez ziztu bizian etorri zen niregana. Ordurako jarrita nengoen baina nirekin itsasita, pega pega eginda jarri zen. Babesa ematen dizut esaten zidan ozenki, hitzik esan gabe baina…. Gogoz eskertu nion bere laguntza eta ferekatu egin nuen, berak ere, gure keinuak ederki ulertzen dituelako.
Besteengandik entzundakoak berretsi ditu behin eta berriz Lau izeneko gure txakurrak. Gizakien lagunik onena da txakurra. Haren leialtasuna bezalakorik gutxitan topatuko dugu. Ezeren truke dena eman. Ta bere azkartasunaz oraindik harriturik errepikatu egin dut egunotan: Bakarrik hitz egitea falta zaio.