JOKAMOLDE FINAK

Erabiltzailearen aurpegia Bingen Amadoz

Akabo jokamolde finak. Jendarteko itxura onak bukatu dira nunbait diplomaziaren giroan. Etxe Zurian behintzat. Jende guztiaren aurrean deseroso, haserre mintzo dira. Hitzekin adostasuna lortzen ez bada zailagoa egiten da bakea. Zelenskyk bakea nahi du, baina ez edozein preziotan. Duintasunez. Hori ulertzen dut nik. Trumpek berriz nahiko luke, baita inposatu ere bere borondatea, Putinekin hitz egin ondoren. Bakea bai ala bai. Ta edozein modutan. Bere arrazoiei men egitea exijitu dio bisitari ukraniarrari. Amerikarrak diktadore izatea leporatu dio presidente ukraniarrari duela egun gutxi. Gero zertxobait atzera egin nahiean honela mintzatu da: ¿Nik esan dut hori? Harrozpuzkeri galanta berea. ¿Horrela konponduko dira gauzak gure munduan? Denentzat kezka sortu da, halabeharrez. Gerrak kaltegarri dira oso, borrokan diharduten herrientzat, batez ere jende xumearentzat. Inork ez du arrazoi osoa, ezta erru osoa ere. Hitzak beharrezko dira egoera bideratzeko baina hitz goxoagoak.
Pena hartu dut bestalde aste honetan, gure arteko bat joan zaigulako. Urte luzeetan kaleko kazetaritza partekatu nuen berarekin. Biok ibiltzen ginen mikrofonoa eskutan zeresaterik zuen jendearen atzetik. Behin topo egin zuten gure bi mikrofonoek. Behin bakarrik. Gainerakoetan elkarren ondoan egon ziren biak ahotsak jasotzen. Solasten genuen beti. Eguneroko gora beherak. Loretxo presaka zebilen gehienetan. Estua egiten zitzaion bizitza. Bera bakarrik hiru seme-alaba hezi beharra. Bere meritua eskertuko diote aintzinean ere. Loretxo Iñarrea. Goian bego. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!