Aroztegia

Erabiltzailearen aurpegia Bingen Amadoz 2025ko ots. 3a, 17:38

Aroztegia aspaldian da Lekarotzeko jauntxoen jauregia eta orain eta lehen ere hainbat iskanbilen sortzaile.
1584ean Catalina Arretxeberrokoa zen bertako andere nagusia. Bere senarra, Gartzia Etxaidekoa edo Aroztegikoak lau urte zeramatzan Felipe Bigarrena erregearen aginduetara borrokan nunbait. Catalinak ez zekien nun zehazki. Gaztelan edo Portugalen. Kexu bat aurkezten du Nafarroako erret-hauzitegiaren aintzinean.
Dioenez, lekaroztar batzuk bere jabegoa den soro baten babes ingurua hautsi dute, barnean ereinda zegoena galtzeko arrisku bizian utzirik. 
Haren esanetan hondamenaren egileak dira besteak beste Piarres Larretxe, Juanes Hararrunetxe eta Joanot Ortiberrokoa, azken hau nire arbasoa izan zena. 
Hauxe irakurrita zur eta lur geratu nintzen. Zertan zebilen nire aitatxi izandako hori. Andere aberatsak zioen bezala gaiztakeritan?. Klaseen arteko borroka izan zitekeen bestela. Hori pentsatu nuen eta arrazoi eman nion Ortiberrokoari.
Laister jakin nuen egia. Hiru urte beranduago, 1587an, apirilaren zortzian ezagutzera ematen da epaitegiaren erabakia. Izan ere Aroztegikoek beretzat hartu dute Lekarotzko herria eta erreka baten arteko bidea eta herritarrek, horren ondorioz, ezin dute ganadua ura edatera errekara eraman. Erruz libre aldarrikatzen dituzte Joanot Ortiberrokoa, Miguel Martinena, Juanes Indartekoa, Tutxuketako Martin, Gortaiko Miguel, Pierres Larretxekoa eta Miguel Agerrekoa. 
Erabaki berak dio Aroztegiko jauntxoek pasabide libre utzi behar dutela bidea herriko biztanle guztiek erabili dezaten.
Ortiberroko Joanot nire aitatxi zaharrak eta Lekarotzko bere lagun protestalariek arrazoi zuten XVIgarren mendean. 
Ni bere biloba txikia naizenen aldetik fidela izanen naiz bere memoriarekin. Ez dadila Aroztegia iskanbila gehiago izan Lekarotzko herriarentzat. Proiektu erasokor mixerablea bertan behera gera dadila. Libre eta errurik gabe gera daitezela hauziperatu dituzten zazpi baztandar gazteak. Ezabatu ditzatela isun lotsagabe horiek. Baztango lurra defenda dezagun. Aroztegia gelditu behar dugu.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!