Gure herriak ez du sekula santan
”Gureak egin du” esan. Egon gara apal, buru makur, itxaropen gutxirekin historian zehar. Askotan izan gara galtzaile. Baina, Euskalherriak badu beste bertuteen artean bereziki txalogarria den bat: Egokitzapena. Adaptazioaren ahalmena. Garai berriei ez diegu aurka egiten. Bete betean bertan murgiltzen gara eta hortik beharbada dator hein handi batean, gure iraupena.
Aspaldi hontan ez naiz kontzertuetara hurbiltzen. Gaizki egina, badakit. Mitoaroa zuzenean ikustera ez nintzen joan. Baita ederki damutu ere. 30.000 ikusle-entzule Navarra-arenatik pasatu ziren. Kantatu, dantzatu, hunkitu egin ziren zuzenean. Telebistaren bitartez gozatu genuen ere besteok. 300.000 izan omen ginen. Musika elektronikoa gehien bat. Zetak. Pello Reparaz eta bere taldea. Oraingo erritmoak, arestian asmatutakoak baina gure aurreko guztiak ahaztu gabe. Ongi, oso ongi, eraikitako ikuskizuna. Adin guztietako euskaldunak liluratu dituena: gazteak, helduak, zaharrak eta baita haurrak ere. Oraindik euskaldunak ez direnengan interes bizia sortu duena. Une guztiz hunkigarriak: Emakume goizuetar aranoarra eta hileta kantuak, Vendetta taldekideen partaidetza, katalanen aldeko keinua, Erramun Martikorena kantari goxoa, Jagoba Arrasatek botatako bertsoa, Lantz, Arizkun, Sakana, baita Tuterako inauteriak. Hegoaldea ere gurea da. Eta mezu zuzenak: Osasunbideari emandako eskerrak eta denen gainetik euskararen aldeko garraxi garbia. Ura, sua. Oinarrizko elementu behar beharrezkoak haize eta lurrarekin batera. Milaka eztarri euskaraz kantatzen. Bizirik gaude. Irailaren seian topaketa berri bat Donostiako Ilunben. Pello Reparaz, Zetak, Mila mila esker.