Gure munduaren egoera geroz eta kezkagarriagoa egiten zaigu, bertan gertatzen diren guztiak denonak bihurtu diren heinean.
Ez da ez goxoa bizitzea tokatu zaigun garaia. Egia da bestalde oso toki baketsuan gaudela, inoiz baino baketsuago den tokia da gurea, gainera. Alde horretatik kexarik ez. Gatazka larrietatik urrun xamar bizi gara eta hala ere….
Gertukoak sumatzen ditugu gerrak. Komunikabideei esker ezer ez zaigu arrotz. Hainbat eta hainbat dira mundu zabalean piztuta dauden liskar larriak baina bereziki bi tokitan ditugu begiak eta haiekin batera buruak jarrita.
Palestinako egoera jasanezina da edonorrentzat. Krudelkeria bere gorenekoetara igo da eta azken hamalau hilabeteotan drama palestinarrean zerikusi zuzena duten aktoreen aldetik ez da ezer lasaigarri zabaltzen. Nazio arteko Zigor Gorteak Netanyahuren atxiloketa eskatu du egunotan. Arrazoi osoz. Gizateriak inoiz izan duen hiltzailerik handienetakoa da eta horrela idatziko da bere izena Historian. Baina bera ez da errudun bakarra. Sugarraren gandorra baino ez da. Haren azpitik laguntzaileak eta sostengu diren herrialde boteretsuak daude.
Ukrania eta Errusiaren artekoa ez dihoa bide onetik ezta. Arma nuklearrak erabiltzeko aukera aipatzen da behin eta berriz azken astean. Benetan beldurgarria. Gauzak okertzen ari dira nabarmen. Hitz zirraragarri horren erabilpena, eredu.
Gurean hiru indar politikoen arteko adostasunak Iruñean azken 70 urteotan nazkatzen gaituen faxismoaren aldeko eraikinaren eraistea baztertzen du. Batere kontsultatu ez diren biktimen familia askotan eta gure ordezkapena duten hainbat elkarteetan: Dezepzioa, tristura baita amorrua ere. Faszismoak bere harrokeri osoan eginiko eraikina goitik behera, errotik botatzeko garaia da. Aspaldian da garaia.