Ostegunean, herritarrak bizi diren tokiaren arabera diskriminatzen dituen legeak hogeita hamasei urte beteko ditu. Bai, jaun-andreok, hogeita hamasei urte joan dira oinarrizko eskubideak eskualdekatu zituztenetik. Eta, hogeita hamasei urte horietan osaera desberdina izan dute, bai Nafarroako Parlamentuak, bai eta Nafarroako Gobernuak ere. Esan izan dute erregimenaren gobernua izan dugula, edota aldaketaren gobernua, edota gobernu aurrerakoia…
Nago batzuei ezin eska dakiekeela kohesioaren, justizia sozialaren edota berdintasunaren alde jardutea, printzipio horiek ez dituztelako haien buruan txertatuta. Baina, bai, sutan jartzen nau aldaketazale edo aurrerakoitzat dutenek herritarren bereizkeriari eustea, herritarren arteko berdintasun-eza normaltzat jotzea.
Horrexegatik ofizialtasunaren aldeko olatu bat eraikitzeari ekin behar diogu. Lehen urratsa Euskararen Nafar Kontseiluan egin genuen, ofizialtasunaren aldeko adierazpenaren bidez. Halere, hori ez da nahikoa. Alderdien jarduna benetan baldintzatuko duen desberdinen arteko aliantza sortu behar dugu ofizialtasunaren aldarria erdigunean kokatzeko. Eta, ziur naiz, baldintzak badaudela horretarako. Finean, zinez uste dut Nafarroako eragile aurrerakoiek, beren burua aurrerakoitzat duten alderdiek ez bezala, partekatu dutela ofizialtasuna dela Nafarroa berdinzale, justu eta kohesionatua erdiesteko tresna.