Azken boladan ahoa betetzen zaio askori langileek pairatzen duten balizko diskriminazioaz aritzen denean. Sutu egiten dira Nafarroako berezko hizkuntza den euskararen ezagutza merezimendu gisa jartzen denean, baina hitz txikiena ere ez dute esaten berezkoak edota ofizialak ez diren hizkuntzen ezagutza kontuan hartzen denean. A ze kontraesana!
Dena den gatozen muinera: herritarrok eskubideak dugu administrazioarekiko harremanak edota zerbitzuak bereizkeriarik gabe jasotzeko. Administrazioari euskaraz zein gaztelaniaz zuzentzeko eta erantzuna hizkuntza horietan jasotzeko. Horrela, langile elebiduna da herritar guztien eskubideak bermatuko dituena.
Ondorioz, herritarren arteko bereizkeria eragingo ez bada, logika guztiaren barruan kokatu behar da euskararen ezagutza kontuan hartzea administrazioko lanpostuetan.
Horren argia den zerbait manipulatzen saiatzen dira batzuk eta besteak. Are gehiago, hainbat sindikatuk haien interesak jartzen dituzte herritarren interes orokorraren aurrean, eta haien estrategiaren barruan herritarrak gutxiesteko neurriak sustatzen dituzte.
Hemendik eta gutxira, maiatzaren lehenaren gerizpean, berriz ere aldarri izango dituzte justizia soziala, kohesioa eta berdintasuna, baina eguneroko praxian gupidarik gabe jotzen jarraituko dute hiru printzipio horien kontra, alegia, egoera gutxituan dagoen kolektiboaren eskubideak urratzeko neurriak eskatzen.