Kezkaz, kezka handiz bizi dut Nafarroan hizkuntza-politikaren esparruan gertatzen ari dena. Eta, behin baino gehiagotan jo behar izaten dut Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko webguneetara egiaztatzera bataren zein bestearen osaera zein diren. Izan ere, sentsazioa dut 2000. urteko erabakiak eta jokabideak berpizten ari direla.
Duela zenbait aste, herritarrei osasun-zerbitzua eskainiko dieten laurehun lanpostutako gehienetan euskararen ezagutzak ez du inolako baliorik izanen; ingelesarenak, frantsesarenak eta alemanerarenak, aldiz, bai.
Joan den ostegunean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko aukera berri bat baztertzeaz gain, Parlamentuak bertan behera utzi zuen aurreko legegintzaldian euskaldunok babesteko hartu zen erabakia.
Bai, badakit aritmetikak horretarako aukera ematen duela, baina argi izan dezagun parlamentarioekin batuketa desberdinak egin daitezkeela. Hortaz, argi berdea emango zaio Gobernuan lehendakaritza duen alderdiari hizkuntzaren esparruan edozein erabaki hartzeko? Ez al zaio, behingoz, mugarik jarri behar? Aritmetika beste modu batez erabiltzerik ere badagoela ikustarazi behar al zaio?