Euskaldunok ez al dugu osasuna merezi?

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2020ko urr. 27a, 12:58

Aitortzen dut! Ez naiz batere futbolzalea eta harro nago. Halere, Osasuna taldearekiko atxikimendua dut aspalditik. Lehenik eta behin,Euskal Herriko talde nagusietatik euskarazko izena duen bakarra delako. Bestetik, eta ez da kolaboratzaile naizen irratia lausengatzearren, baina Iruñean bizi nintzenean biziki maite nituen Euskalerria irratiko partida-emankizunak eta horrek Osasunzale bihurtu ninduen.

Horretaz gain, duela pare bat urte, Osasunak AEKrekin hitzarmena sinatu zuen, futbol taldearen hizkuntzaren kudeaketa hobetzeko plana diseinatzeko eta ezartzeko. Hartara, banuen nolabaiteko atxikimendu bat.

Halere, desengainua hartu berri dut. Mendeurreneko abestia, zale guztien buruan iltzatuko dena, historia egingo duena, gaztelaniaz da. Beti aurrera, Osasuna dio abestiak, baina aurrera joateko gonbita ez zaie euskaraz luzatu milaka zaleri.

Letraren idazle Carlos Lázarori irakurri nion osasunismo osoa batuko duen abestia dela. Bada, uste dut dagoen-dagoenean ez dela egia. 

Ez naiz futbolzalea, nire egunerokoan ez dit ezertan eragiten, baina nahi baino gehiagotan gertatzen dira halakoak. Tamalez, euskara izaten da partida horietan galtzaile.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!