Esporrinekin bat

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2020ko mar. 10a, 13:43

Egun gogorra izan zen aurreko osteguna. Iruñeko Udalbatzak hainbat hamarkada atzera egin zuen euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermean. Euskara, hortaz euskaldunak, zokoratuko dituen araudia jarri zuen indarrean.

Eztabaida zuzenean jarraitu nuen eta, izan zen, bai, anekdota edo paradoxarik. Hain zuzen ere, Iruñeko zinegotzi Esporrin andreak euskara hizkuntza gutxitua zela esatean, ongi bereiziz gutxiengoa eta gutxitua. Eta, begiak piztu zitzaizkidan, neronek ere urteak daramatzadalako terminologia-borroka horretan.

Finean, ikuspegi koantitabo hutsetik, gutxiengoa multzo edo talde baten zatia da, multzo edo talde osoaren ehunekorik txikiena adierazten duena. Ikuspegi soziologikotik, aldiz, gutxiengo batek desabantaila erlatiboa duten pertsonen kategoria bati egiten dio erreferentzia, talde sozial nagusi bateko kideekin alderatuta.

Gure hizkuntzari lotuz gero, egia da bi kategorizazio horiek balekoak direla, baina egia ere bada, testuingurua falta dutela, alegia, zergatik iritsi den ehuneko txikia edo desabantaila erlatiboa izatera. Hori gutxiagotu terminoak eskaintzen digu. Soziolinguistikaren arabera, historiako uneren batean bazterketa, jazarpena edo debekua jasan duen hizkuntza bati erreferentzia egiten dio. Finean, gutxiengo izatea borondatezkoa izan ez dela adierazten du gutxitu izateak.

Gutxitua izatearen ondorioz, politika proaktiboak eta erreparatzaileak abian jarri beharra ondorioztatzen da. Paradoxikoa, halere, puntu horretan Esporrin andreak kontrako norantza hartu izana. 

Onartu zuen, bai, Esporrin andreak euskarari ezpata sartu izan diotela, baina ez dago prest senda dezaketen botikak emateko. Argigarria!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!