Aurreko igandean euskarazko egunkari nazionalak Izquierda-Ezkerrako parlamentarioari elkarrizketa luzea egin zion. Tira… Kazetariak lan bikaina egin bazuen ere, egia da, Izquierda-Ezkerrako eledunak izkina egin ziela galdera guztiei eta topiko bihurtu zaizkion erantzunez josi zuela elkarrizketa.
Ez naiz, ez, hasiko bere ustez haizeratu genituen “gezur” horien inguruan, bai, ordea, elkarrizketak utzi zituen bizpahiru pasadizo interesgarriez:
Kazetaria: Askoren aurka jo duzuela dirudi: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Batzarre, gehiengo sindikala, euskalgintza...
Eleduna: Hori inpresio subjektiboa da.
Zerbait galdu dut? Abenduaren 16an Iruñean bildutako milaka pertsonak eta manifestazioak jasotako atxikimenduak inpresio subjektiboa al dira? Hortaz, abenduaren 21ean UPN-PPN-PSNrekin bat egin zutela ere subjektiboa al da?
Eleduna: Urte eta erdi dugu zerrenda bakarraren eztabaidan sakontzeko eta kontzeptuak argitzeko.
Kazetaria: Baita euskalgintzako eragileekin ere?
Eleduna: Nola ez, ba?
Hara!!! 2011ko apiriletik hona lau aldiz eskatu dugu alde biko bilera Izquierda-Ezkerrarekin eta sekula ere ez digute eman.
Kazetaria: 2011n, euskararen ofizialtasunaren aldeko egitasmoa aurkeztu zuen Nafarroako Ezker Batuak, baina orain ez duzue aipatzen. Zergatik?
Eleduna: 2011n agertu genuen jarrera berberari eusten diogu gaur egun
Benetan, entzuleok, zoratzeko moduko elkarrizketa. Ez al da egia azaroan Nafarroako Parlamentuak euskararen lege berri bat jorratzeko batzordea sortzeari ezezkoa eman ziotela Izquierda-Ezkerrako parlamentarioek?
Simon andrea: Ofizialtasuna ezartzeak ondorio juridikoak ditu bai ala bai. Ondorio juridikorik gabeko ofizialtasuna homilia da, eta homiliarik ez dugu behar Nafarroan. Nafarroan herritar guztiak berdintasunez hartuko dituen eta berdintasun hori bermatuko duen lege berria behar dugu.
Eta, noski, inoiz hitzordua ematen badiguzue, elkarrizketaren kopia eramango dut ea bertan esan dituzuenak egiazkoak diren egiaztatzeko.