Gobernu berria iazko uztailean eratu bazen ere, ia bi urte behar izan dira administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko dekretua aurkezteko.
Akaso, lehenik eta behin ongi legoke gogoratzea nondik gatozen. Hain zuzen ere, 2000. urtean orduko Nafarroako Gobernuak hizkuntza-apartheid sakonago bat arautzeko onartutako dekretutik; euskara are gehiago ikusgabe bihurtu nahi izan zuen dekretutik; euskara desagerrarazi nahi zuen dekretutik; euskaldunok zokora eraman nahi izan gintuen dekretutik.
Hartara, aurrekoa baino dekretu hobea aurkeztea ez zen, ez, lan biziki zaila, eta egia da, alde horretatik, dekretu berriak berrikuntzak ekarriko dituela. Halere, ez nago sobera pozik azken emaitzarekin.
Izan ere, Dekretuaren lehen zirriborrotik azken emaitzara izan diren aldaketek izugarri kezkatu naute. Hasierako zirriborroan betebeharrak ziren artikuluak azken bertsioan aukera bihurtu dira. Kontuan har dezagun betebeharretik aukerarako aldaketa ez dela kontu semantiko hutsa, are gutxiago, herritarren eskubideak erdian badaude. Herritarren eskubideak bermatzeko modu bakarra betebeharrak ezartzea da, bestela, betiko moduan, borondatearen gurpil-zoroan jarraituko dugu behin eta berriro.