Seguruenik entzuleek behin baino gehiagotan entzungo dute, gaur, otsailak 21, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna dela. Tamalez, entzuleek kasik ez dute entzungo zergatik erabaki zen gaurko egunari izaera hori ematea.
1952an Bangladesh Pakistanen barruan zegoen, eta Estatu sortu berrian urduera zen hizkuntza ofizial bakarra. Urte hartako otsailaren 21ean bengaleraren aldeko manifestazioa egin zuten, besteak beste, ofizialtasuna aldarrikatzeko. Polizia oldartu, eraso eta bi ikasle hil zituen. Ordutik, bengaleraren mugimenduaren aldeko eguna da Bangladeshen, eta 2000 urteaz geroztik Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna.
Izan ere, askotan ahaztu egiten ditugu gertaerak, ahaztu egiten dugu hizkuntzen aldeko borroketan ere erasoak, atxiloaldiak, umiliazioak eta abarrekoak egon direla. Finean, hizkuntza boterea da, eta Estatuek botere hori nahierara erabili nahi izan dute.
Atzo, hamalau urte bete ziren Espainiako Estatuak bortxaren bidez egunkari bat itxi, herritarrak atxilotu eta torturatu egin zituela. Askotan entzuten ari gara etorkizun berria eraikitzeko egia, justizia eta erreparazioa presente izan behar direla, eta ados egonda ere, hizkuntzaren eremuan egia, justizia eta erreparazioa arras ahaztuta daudela iruditzen zait.
Euskal Herrian ez genuen inolako auzitegiren epairik behar orduko atxilotuen errugabetasuna frogatzeko. Halere, Euskal Herrian hizkuntza-zapalkuntzaren gainean errelatoa idatzi behar delakoan gaude.