Arrazakeriaren kontra, klase batasuna da botikarik onena

Erabiltzailearen aurpegia Berta Garcia 2023ko mar. 30a, 15:08

Arrazakeriaren kontrako eguna izan den honetan, aurreko egunean, landa eremuko langileen batzarra ekarri nahi nuen gaurkoan. 100 bat, guztiak etorkinak, agertu ziren Martzillako gure txoko sekretura, eta han ikusitakoari esker sindikalgintzan jarraitzeko indar berriaz blai atera nintzen. 
Indar itzela zegoen hitz guztien atzean; lan baldintza hobeak lortzeko zein esplotazioari aurre egiteko erabateko determinazioa erakutsi zuten. Norberaren interesen gainetik kolektiboaren beharraz aritu ziren, buru bakarra balira bezala. 
Horren parean, borrokak pizteko kostata gabiltza bertako langileez osatutako sektoreetan. Egoera ekonomiko latza gauden honetan, kaleak suez beteta egon beharko lirateke, baina tamalez, lasaitasuna da nagusi.
Etorkinengatik prekarietatea zabaltzen ari dela soldata baxuak onartzen dituztelako, edo karitate izenean, gure laguntza eman behar diegula diote eskuineko zein ezkerreko arrazistek. 
Gure pulpitotik begiratzeari utziko bagenio, beste errealitate bat azalduko litzaiguke. Langileontzako etorkinak opari bat dira. Eskerrik asko Allal, Hussein, Moustapha  eta gainontzeko guztiei irakatsitakoagatik. Nire arrazakeriaren ispiluaren aurrean jartzeagatik; nire laguntza behar zenutela pentsatzen iritsi nintzen, baina, zuek ez nauzue behar, nik behar zaituztet, guk behar zaituztegu. Klase borrokari egiten ari diozuen ekarpena eredugarria da. Zuek gogorarazitakoa iparrorratza, klase batasunaz, langileok beste mundu bat sor dezakegu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!