Euskal zinemaz
Asko hitz egiten ari da Euskal Herrian egin den pelikularik onenaz eta gustatuko litzaidake film
hau ikustea, baina, hilabete honetan badago errealitatean oinarritutako beste pelikula bat nire
arreta guztia eskatzen duena.
Pelikula hau otsaiaren 22an, soldata arrakalaren kontrako egunean, hasten da. Gure
protagonista: eskola bateko jantokiko langilea. Sektore feminizatua, prekaritzatua, soldata oso
baxukoa, 3 orduko lanaldi partziala duena. Horiek, besteak beste, emakumeok pairatu behar
dugun lan errealitatearen ezaugarri gordinak dira eta, ondorioz, gizon eta emakumezkoen
arteko soldata arrakala 7000€ baino gehigokoa da.
Martxoaren 8an jarraitzen du pelikulak eta gure protagonista zaintza sistemari eman behar
zaion balorea aldarrikatzen ari da, bera ere zaintzako langilea baita. Zaintza lanak, pribatizatu
eta negozio bihurtu dituzte. Gobernuek, kapitalismoaren logikan, zaintzako lanekin enpreseei
dirua pilatzen laguntzeko hautua egin baitute.
Manifestazioaren kontrako karga bortitz batekin bukatzen da pelikula, baina istorioa ez da
bukatu. Gure protagonista, karga horretan jipoitua izateaz gain atxilotua izan zen, baina,
epaitegiak poliziaren bertsioa ontzat eman du, nahiz eta berak, bere inguruan geundenok zein
dauden irudi guztiak kontrako bertsioa argi erakutsi duten.
Tamalez, gure protagonista gutako inor izan zitekeen, edo gure ama, gure alaba edota ahizpa,
jantokiko langilea edo erresidentzia batekoa izan. Irati izan liteke, baina Ainhoa du izena.