Orain dela gutxi, Glovoren kontrako epaiketaren sententziak argia ikusi zuen eta langileak lau urte luzez autonomo faltsu gisa lanean egon direla baieztatu da. Hala ere, langileen odisea ez da hemen amaitzen.
Batetik, enpresa honen helburua berdina izaten jarraitzen duelako: ahalik eta diru gehien irabaztea langileon esplotazioa erabiliz.
Bestetik, Glovok erakutsitako "eredu berri" hau ez delako banatzaileen sektorera mugatzen. Geroz eta ohikoagoa da aplikazio baten bitartez edozein eskaera egitea: erosketak, psikologoarekin hitz egin, abokatuarekin kontsulta, ikastaro birtualak...
Honela, langileek bizi dituzten ondorioak prekaritatea, lan eskubiderik eza, erabateko malgutasuna, zein modu kolektiboan antolatzeko zailtasunak badira. Gainera, ahula ahulagoa denaren kontra egitera kondenatzen dituzte.
Kapitalismo digitala oso azkar hedatzen ari den honetan, langile-klasearen jarrera politikoa beharrezkoa da. Langileak izateaz gain, kontsumitzaile gisa borroka antikapitalista ikuspegi integralagoan eman behar dugu, eta burujabetzan oinarritzen diren proiektuen alde apustua egin.
Alegia, nahitanahiezko antolakuntza eta borroka ez ezik, kontsumorako erabiltzen ditugun moldeak berrikusi eta zalantzan jarri. Bestela, kapitalari bota beharko geniozkeen harriak gure gainean eroriko zaizkigu.