Nerabe eta gurasoen arteko eztabaida, negoziazio eta gatazken gailurrean daude gaur egun teknologia berriak eta, zehazki, sakelako telefonoa. Ume asko hamar urterekin jada telefono adimendun baten jabe dira, eta gutxi dira hamabi urterekin oraindik ez dutenak. Azken urteetan, adituek argi utzi digute teknologia hauek gehiegi eta gaizki erabiltzeak zein kalte handiak eragin ditzakeen: menpekotasuna, antsiedadea eta depresioa, memoria eta konzentrazioa galtzea eta abar. Hamar urteko ume bati telefono adimendun bat oparitzen diogunean, bere ume garunak oraindik ongi kudeatu ezin duen lehergaia ematen diogu. Horrelako tresna bat zenbat eta helduago eskuratu, orduan eta baliabide gehiago izango ditu neurria hartzeko eta egoki erabiltzen ikasteko. Ados gaude horretan, ziur nago. Gaur egun adina atzeratzea ezinezkoa dela esango dit, agian, norbaitek, eta erantzungo diot ezetz, gurasook osa ditzakegula erresistentzia taldeak, elkarrekin adostu dezakegula, erabaki; beti izango da bere kabuz doana, baina lor dezakegu “oraindik ez” dioen taldetxo bat, lagunartean denak —edo, asko, behintzat— egoera berean egoteak izugarri laguntzen du eta lor daiteke. Martxoan 14 urte bete ditu Iraiak, apirilean Unaik. Opariete diete, azkenean, aspaldi desira zutena.