Ad hominem falazia

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Balda 2021ko ots. 9a, 12:09

Ikasleei askotan esaten diet ni ez naizela egia osoaren jabe eta ez dudala zertan beti arrazoia izan. Batzuek harrituta begiratzen dute, “jai daukagu honekin ezer ikasteko” pentsatuko balute bezala; beste batzuek lasaitua hartzen dute eta haien iritzia emateko beldurra galdu. “Zer esan nahi du egileak halako esaldiarekin”. Horixe da USEn —garai bateko selektibitatean— egiten den galderetako bat. “Zer pentsarazten, transmititzen, sorrarazten dizu egileak” galdera egokiagoa litzateke, nire ustez. Nire testuen irakurleekin hitz egiteko aukera izan dudanetan, ohartu naiz konsziente izan gabe, bilatu gabe, zenbat sentimendu edo ideia transmititu ditudan. Ez zen hori nire helburua, baina egilea izanda ere, ez naiz nor irakurle bati sentitu duena egia ez dela esateko.

Azken urteetan, hartzaile gisa begirada zorroztu dugu —emakumeok, batez ere—, feminismo eta matxismoaren inguruan;  eta garai batean ikusten ez genuena ikusteko gai gara gaur, esaterako, filme, iragarki edo kanta batean. Begirada horietako batzuk exajerazioa izan daitezke batzuentzat, erasotuak ere sentitzen dira hainbat sortzaile, ez baitzen agian haien helburua. Norberaren ikuspegia ongi defendatzen jakitean dago koxka, esaten diet ikasleei; eta argudioak ezin dira inoiz aurkariaren kontrako irainak edo mehatxuak izan, baina hori ez diot nik:  ad hominem falazia, eskuliburuetan dago.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!