Tarteka, gure hizkuntzaren anormalizazioari zor diogun eztabaida zentzugabea pizten da gure artean, euskara batua eta euskalkiak elkarren aurka jartzen dituena, hizkuntza beraren osagai ezinbestekoak ez balira bezala. Batzuetan, batuaren aurka egitea euskarafobiak eraso egiteko baliatzen duen argudioa da, eta ez diot bereziki arretarik jartzen. Beste batzuetan, ordea, haien burua euskararen aldekotzat dutenen ahotik entzuten ditugu halakoak, eta horrek bai, horrek kezkatzen nau. Euskararen arnasgune izendatzen diren horietan, eremu erdaldunduetako euskaldunen egoera zein den ahaztu egiten zaie batzuei, gurean aspaldi galdutako euskara berpizteko zein ahalegin egin behar dugun, adibidez, gaur 34 urte betetzen dituen Vascuenceren legearen erruz.
Kontua da, gure ahalegin horri artifizial eta ez-natural deituz, gure lagunekin harremana izateko modua gutxiesten ari direla, gure seme-alaben ama hizkuntza, gure barne bakarrizketak… euskararen etorkizuna izan daitezkeen euskaldun ugariren egunerokoa, alegia. Angel Errok Berrian “erdaraldia” proposatu zuen lehengoan. Nik euskaldun horiek gure errealitatea zein den ezagutzera gonbidatu nahi ditut, ikus dezatela haiek bezain “naturalak” garela, horretarako haiek baino traba gehiago izanda ere.