Zaintzaren plazak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Balda 2020ko aza. 24a, 14:45

“Gizonek desgogara uzten diete emakumeei beren territorioan sartzen”. Aipu horri egiten dio erreferentzia Uxue Alberdik Saiakerako Euskadi saria jaso duen Kontrako eztarritik lanean. Narratiba saria jaso duen Karmele Jaiok ere, bere Aitaren etxean eleberrian, kultur arloan gizonen nagusikeria agerian uzten du. Argi dago gizonek bete dituztela espazio publikoak, eta urratsak ematen ari garela ere agerikoa den arren, joera aldatzea gogorra izaten ari da.

Gogorra izaten ari da, halaber, espazio pribatuetan joera aldatzea. Nork betetzen ditu plaza horiek? Zer gertatzen da tradizionalki emakumeek bete duten zaintzaren espazioan? Apenas sumatu dut nik, behintzat, aldaketarik azken hamarkadan. Ikusi ditut aitak seme-alabak eskolara eraman eta jasotzera, jakina; baina aski da beste hauei erreparatzea benetako ardurak nork hartzen dituen ohartzeko: ikastetxeko edozein bilera, ikasgelako gurasoen whatsap taldea, Guraso Elkarteak, tutorearekin banakako elkarrizketak, ikastetxeak antolatzen dituen hitzaldi eta tailerrak… Arrazoiak asko izango dira, etxe bakoitzak jarriko du aitzakia —neuk ere badut neurea—. Dena den, banago emakumeok, batzuetan, desgogara uzten diegula gizonezkoei territorio horretan sartzen, eta haiek ez dutela zaintzaren arloan beste arloetarako duten ekimena erakusten. Berdintasunaren bidean asko dugu oraindik arlo honetan ibiltzeko.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!