Erdi galdutako euskararen hondarrek ihes egiten zioten gure amonaren gaztelerari. Hondar horiek baino jaso ez zituzten gurasoei zor diet euskara, D eredua oraindik zailtasun eta zalantzaz beteriko aukera zen garaian egindako apustuagatik. Nerabe izan nintzen, eta erdaraz egin nuen eskolatik kanpo nengoela, gehienek bezala. Baina, zalantzarik gabe, barruan nuen hazia, eta iritsi zitzaidan hautua egiteko garaia, eta euskalduna izatea erabaki nuen, beste batzuek aukera pasatzen utzi zuten bitartean. Fakultatean, askotan konplexua eragin zidaten ikaskideen hizkerek, irakasleen “etxean nola esaten duzue…” galderek. Kosta egin zitzaidan nire euskara batuaz harro egotea. ” Inork ez zidan esan, euskaldun izatea zein nekeza den”. Orduan eta orain, euskaldun izatea hautua da, erdaldun izatea ez bezala, hautu zaila, frustragarria eta estresantea batzuetan, badakizue zertaz ari naizen. Euskaraldia dator, eta taldearen babesean erosoago eta arinago sentituko gara, hamabost egunez, bederen.