Txikitan, harrapaketan jolasean, harraparia gertu genuela nonbaiten igo, eta “Etxea!” oihu eginik, tarte batez arnasa hartzen genuen. Egunotan, etxera iritsitakoan sentsazio hura berpizten zait. Etxea: harraparia kalean uztea, arnasa tarte batez, babesa.
Udaberriko etxealdiak agerian utzi zuen lau hormek jar dezaketen aldea —eta ez naiz ari pisu ilun baten eta etxetzar lorategidun baten arteko aldeaz—. Itxialdian, genero indarkeria kasuetarako telefono zerbitzura egindako deiak izugarri ugaritu omen ziren. Haien erasotzailearen menpe, ohiko laguntza eta babes ingurunetik urrun, emakume asko babesgabeago, zaurgarriago utzi ditu etxeak.
Beste itxialdi baten itzala hurbiltzen ikusten ari naizelarik, ekonomiari laguntzeko planak ez ezik, genero indarkeriaren pandemia jasaten dutenak laguntzeko planik ote dagoen pentsatzen dut etxearen babesean sartzean.