Aupa, Athletic!

Erabiltzailearen aurpegia Bakartxo Ruiz 2026ko ekainaren 2a

Bakoitza bere zoroak bizi du. Eta UPNk ikurriñarekin edo Euskal Herriaren edozein adierazpiderekin daukan gorroto patologikoa bere identitarearen zeinua da. Berez, horretarako jaio zen, euskal herritarrak bereizteko.

 

Pare bat aste daramatzagu Athleticen elastikoan ageri den Euskal Herriko mapa eta ikurriñarekin bueltaka. “Azkenera arte” iritsiko omen dira “Navarra foral y española” defendatzeko. Barregarri geratzen dira abertzale, soberanista eta independentistoi gure “obsesio identitarioa” egozten digutenean. Obsesioa, eurena. Urte luzez pertsegitu dituzte ikur horiek testuliburuetan, eguraldia iragartzeko saioetan, frontoietan eta, zer esanik ez, hainbat udaletxetako fatxadetan.

 

Jakin, badakigu Euskal Herria gaur egun ez dela (oraindik) errealitate juridiko eta administratiboa, askok nahiko genukeen bezala. Baina, Ibarrola andreari gustatu ala ez, nafar askoren errealitate linguistiko, kultural eta politikoa da. Era berean, ikurriña Nafarroa Garaiko herritar askoren ikurra ere bada. Eta, zer esanik ez, urte luzez debekatutako sinbolo antifrankista. Kartzelara joan ziren asko hemen ere ikurriña jartzeagatik.

 

Garai ilun haiek faltan dituzte UPNkoek. Eta betiko mantra darabilte, "que vienen los vascos" sonatua. Ea behingoz irensten duten hemengoak garela eta hemen gaudela. Tira, gero eta gehiago garela, hori badakite. Eta horregatik daude hain urduri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!