Aurreko asteotan hainbat ekitaldi eta adierazpen ikusi ditugu Nafarroa Garaian aldaketa politikoak 10 urte bete izanaren harira. Horietan guztietan hainbat mugarri azpimarratu dira, izan ere, hainbeste zegoen aldatzeko! Eta, esan gabe doa, hainbeste dago oraindik ere aldatzeke…
Baina arreta eman dit inor gutxiri entzun izana nire ustez paradigmatikoa izan den aldaketa horietako bat, hain zuzen, Medikuntza gradua Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasteko aukera izatea 2019. urteaz geroztik. Eta lehenengo belaunaldia gradua amaitzear dago, sei urte beranduago.
Zergatik diot paradigmatikoa dela? Aldaketak izan behar zuenaren funtsa biltzen zuelako neurri horrek: ordura arte OPUS DEIren eta eliteen monopolioa izan zena demokratizatzea, herritarren eskubide berdintasuna bermatzea eta gure osasun sistema publikoa sendotzea. Ez ziren gutxi izan erresistentzia nabarmena erakutsi zutenak hasieran, ez soilik eskuinaren edo PSNren aldetik, baita “aldaketaren gobernua” izan zenaren barruan ere, eta hortxe dago hemeroteka. Batzuek oso-oso argi izan genuen hasieratik. Eta oso harro nago bide hori, esaterako, Veronica Ferreirarekin -garai hartan NUPen Kontseilu Sozialean- eta eragile politiko eta sozial anitzetako hainbat jenderekin egin izanaz. Merezi izan du.