Badira errealitate gordinen aurrean begiratu ere egiten ez dutenak. Norberak pairatzen ez duenarenarekiko axolagabekeriaz.
Badira begirada pausatu arren ezertxo ere ikusten ez dutenak. Nahiz eta betaurrekoak behar izan, mesanotxean ahazten dituenaren utzikeriaz.
Eta badira errealitate hori ikusi arren, aitortzen edo bere gain hartzen ez dutenak. Ezer alda ez dadin, dagoenarekin gustura bizi denaren erosotasun egozentrikoaz.
Memoria bezalaxe, begirada eta ikusmena ere selektiboak baitira. Kalean, albistegietan, gure lan eremuan edo inguru sozialean… Zenbat dira begiratzen edo ikusten ez ditugun egoera bidegabeak edo diskriminazioak?
Azken egunotan hautsak harrotu dituzte Alex Sarduiren hitzek. Euskal musikagintzan ez omen dago emakumeon kontrako diskriminaziorik, edo ez omen da ikusgarri. Ez ote du begiratu? Ez ote du ikusi? Ez ote du ikusi nahi izan? Erantzuna dena delakoa ere, nahiko nukeen anekdota hutsa balitz. Baina, tamalez, zenbatek pentsatzen ote du horixe bera, baita beste esparru batzuetan ere? Begiratzen edo ikusten ez dena ez baita existitzen.
Izan ere, pribilegioen talaiatik begirada lausotu egiten da. Baina bueltako erantzunak argia ekarri dio iluntasunari. Erantzun berehalakoa eta bateratua. Edozeini begiak eta begirada zabaltzeko modukoa. Bada etorkizunik. Eskerrak.