Etxebizitzaren egoera jasanezina da gazte langileontzat. Bermaturik dagoen eskubide bat izatetik urrun, etxebizitza ez da ez doakoa, ez kalitatezkoa ezta unibertsala ere. Etxebizitza topatzen saiatzea baino ekintza bortitzagorik? Errenten prezio estratosferikoak, filtro klasista eta arrazistak, Emantzipa bezalako programen bidez ogi apurrak jasotzeko prozesu burokratiko ulertezinak. Zeren eta, bai, etxebizitza bila, honelakoak entzun behar izaten ditugu: latinoak edo moroak ote garen, gure lan-kontratua finkoa ote den, zer nolako bizi-estiloa daramagun, gure lanbidea ganorazkoa den…
Emantzipatzeko adina 30 urtetik gora dagoen honetan, instituzioek ez dute aterabide errealik proposatzen. Errentistek gutaz probesten segitzen dute eta etxebizitzara sarbidea geroz eta urrutiago ikusten dugu. Eskaintzen dizkiguten laguntzak, gainera, zuzenean doaz errentisten poltsikoetara, eta horren aitzakiapean alokairuaren prezioa igo ere egiten dute. Baina, kasu, gero erranen digute ez dugula aurrezkirik ezta etxe propiorik ere oso alferrak garelako, asteburutan patata bravak eta kañak hartzen ditugulako. Kondena ederra gazte langileona, eta errentistak, politikari profesionalak, eta enpresariak barrezka. Agian, bada garaia beste masaila ez jartzeko.