1986. urtean Euskararen Foru Legea onartu zuen Nafarroa Garaiko Parlamentuak. Kondena luzea euskararentzat. Ordutik, zonifikazioaren zentzugabekeria soziolinguistikoa betikotu dute boterean egon diren gobernuek. Gobernuek eta gobernu horiek sostengatu duten alderdi guzti-guztiek, zehazki. Makina bat aitzakia aditu ahal izan dugu tarteko: indar-korrelazio faltak, malmenorismo-ak, promesak, porrotak, argudio euskarafoboak, falaziak. Baina, ez gaitezen engaina, zer alderdi instituzional da egun horri guztiari determinazio osoz aurre egiteko gauza?
Euskararen aldeko borrokak independentzia politikoaren printzipioa berreskuratu behar du. Zonifikazioa eraisteko alderdi instituzional eta politikari profesionalengandik independente jardun behar dugu. Aurreko ziklo politikoak erakusten du eta egungo zikloak berresten digu.
Bide horretan, abiapuntu egokia izan liteke honen inguruan mintzatzen hastea, kalean egotea eta euskara kalera ekartzea. Eta, jakina, euskararen aldeko konpromiso politikoa betikotzea. Zonifikazioaren amaiera eta euskararen normalizazioa ez da goitik etorriko. Etorriko bada, behetik bultzatu beharko dugu.