Azaroaren 20an, publiko egin zen Erorien Monumentua erreformatzeko EH Bildu-k, PSN-k eta Geroa Bai-k sinaturiko akordioa. Erreformatu diot zeren, monumentua eraistetik urrun, bertan zenbait aldaketa egitea adostu baitute.
Baina egin dezagun hausnarketa filologiko bat, eta eraman dezagun eremu politikora ere. Semantikan, politikan nola, erreformatu eta desagerrarazi ez dira sinonimoak. Eta, argi gera bedi, lehenak ez dakar bigarrena: faxismoa erreformatzeak, makillatzeak, ez du bere desagerpenerako inolako oinarririk jartzen. Espainiako zein Euskal Herriko eskuinarekin monumentuan esku hartzea adostea aurrerapauso antifaxista izanen litzateke eraikin faxista hori hor geratuko ez balitz, eta, sistematikoki, borroka antifaxista erabat instituzionalizatuko ez balitz.
Zeinek bermatuko digu, aurrerantzean, udal autoritarioago batek aurreko esanahia ez berreskuratzea? Zenbait frankista ustezko biktimatzat ez hartzea? Areago, sekula benetako borondatea egonen balitz eraisteko, zer alderdi sozialdemokrata izanen da politikoki gai ordurako memoria historikorako “espazio” hori eraisteko?