Antzerkizale epela, goxo esateko, eta operazale nulua naizelako izango da, seguru. Baina inoiz ez dut garbi ulertu nola gizarte-mugimendu ikusgarriak sutu ahal izan diren oholtza baten gainean hau edo bestea antzeztu delako, edo antzezteari utzi zaiolako. Edo abestu. Edo...
Baina, tira, historiarekiko badut zaletasuna eta, jakin, badakit hala gertatu dela. Eta ez behin, askotan. Badakit Txinako Iraultza kultural ikaragarri hura Hai Rui kargutik kendu zutenekoa antzerki-lanaren kritikak sutu zuela. Edo italiar Risorgimento-a eta Verdiren musika, lotu-lotuta daudela. Beste hamaikaren kasuan bezala.
Horregatik, belarriak tentetu arazi egin dit arestian irakurri dudan zerbaitek. Eskoziako Operak sektoreko sari estimatuenetako batetik erretiratu egin du Nixon in China opera, protagonista nagusietako lauk, mendebaldarrak izaki, aurpegia horiz margotuta egiten zutelako protagonista txinatarren papera. Eta gero eta kritika garratzagoak jasotzen ari zelako horregatik.
Ez dakit oholtzatik kalera, edo kaletik oholtzara doan gaia ote den, baina esango nuke asiarren aurkako arrazialismoaren korapiloa ahoko zulora datorkigula. Hausnarketa egin beharko dut Nixon in China entzunez.
Izan ostiral eta uda ederra, lagunok.