Ia aldi berean argitaratu dira bi idazlan gure historia hurbilarekin lotu-lotuak. Esan gabe doa ez dudala irakurri ez bat eta ez bestea, oraindik.
Gaia bat eta bera izanda, gainerako guztia kontra-kontrakoa izango dela iruditzen zait aldez aurretik. Ikuskeratik hasita. Batetik, Emilio Lopez Adan "Beltzak", euskaraz, "Borroka armatua Euskadin" idazlana plazaratu du. 800na orrialde baino gehiagoko hiru liburuki. Beraz, ez da eserialdi batean irensteko aletxoa. ETAren ibilbide osoa hartzen duen makro-lan bat, okerrik gabe esan litekeena beste mugarik gabe idatzia, eta egilearen juzguekin jantzia. Patxadaz hartzeko.
Bestetik, gazteleraz noski, Enrique Pamiés polizia espainiarraren oroitzapen eta gogoetekin bi kazetarik idatzi duten "Cómo luché contra ETA". Liburuxka, esan genezake, 250 orrialde. Ea zer kontatzen duen Polizia Nazionalean Galindoren alter egoa izan zela esan dezakegunak. Izan gogoan, Pamiések berak dioena: "Borroka antiterroristaren % 60 inoiz ez litzateke kontatu behar". Berak esan gabe uzten dituenak imajinatu beharko dira, beraz.
Modan dagoela memoria, esango du norbaitek. Baina memoria bat eta beraz ari ote gara?