"Erratek beti hobetu egiten dute jatorrizkoa", esan ohi zuen pertsona gaiztoa bezain idazle iaioa –barrokoegia, hala ere, nire gusturako– zen espainiar faxista batek. "Beti" hori ez ote lukeen "askotan" edo izan behar, hori da nire zalantza bakarra, gainerakoan oso argi baitaukat jatorrizkoari falta zitzaion gatza edo piperra ekartzen dutela erratek hamaika aldiz. Badaude adibide paregabeak.
Horrelako zerbait gertatu zaio, antza, Hondarribiako horma batean "CIPALLOS" idatzi duenari. Elle digrafo ederrarekin. Bere yeismoaren aditzera badu nonbait gure hormaspraykoak, eta zuzen aritu nahi zuen, demonio... Zuzenegi. Aukera guztien artean okerrena eraman zuen hormara. Seguruenera, korapilatsuegia egingo litzaiguke hitzaren etimologia eta ibilbide luzea hari azaltzea; beraz, utz dezagun.
Gure politikagintzako lexikoan ere ia 40 urte badaramatzan eta bitarte horretan Zigor Kodean ere bere txokoa lortu duen kontzeptu horrekin aspaldiko harremana dudanez, aitortu behar dut, hala ere, aldaera berriak baduela jatorrizkoak ez zuen zerbait; batez ere, albokari moduan ez baizik sabaikari bezala ahoskatuko balitz.
Plastizidadea edo.