Gorrotagarriak izaten dira konparazioak, badakit. Baina konparazioak eginez funtzionatzen du gure adimenak.
Dozenaka mila argentinar ikusten ari naiz Maradonari azken agurra ematen Etxe Arrosako areto nagusian. Ez zait gaizki iruditzen: ez da egunero ikusten Jainkoa katabut batean zerraldo. Baina konparazioa datorkit burura: nolakoa izan ote da Christophe Dominiciren hileta? Ez behintzat horrelakoa.
Dominici ez zen Jainkoa. Baina bai Zeelanda Berriko jainko beltzak mendean hartu zituela esan zezakeen bakanetakoa. Eta Europako errugbian gutxik bezalako palmaresa zuen hegalekoa.
Erretiratu ondoren, entrenatzaile bihurtu zen; eta Beziers kluba zulotik ateratzen ahalegindu eta porrot egin zuen. Bizitzatik ere erretiratzea erabaki zuen orduan, antza denez. Herenegun, 48 urterekin, egin zuen bere bizitzako azken entsegua: 20 metroko eraikin batetik bota zuen bere burua, porlanezko orubea markako marra balitz bezala.
Taldekideek, aurkariek eta jarraitzaileek esan diote agur. Errugbilari bezain pertsona ona zela diote ezagutu zutenek. Baina besterik ez.
Horren desberdinak ote dira bada futbola eta errugbia? Diruagatik ote da?