1776ko otsailean, Edward Gibbon izeneko gazte ingeles batek argitaratu zuen Londresen berebiziko obra izango zenaren lehen tomoa. Erromatar Inperioaren gainbehera eta porrotaren historia, zuen izenburua. Eta arrakasta ikusgarria lortu zuen hasiera-hasieratik. Ondorengo 12 urteetan, 6. tomoraino helduko zen lan erraldoi hura. Gaur egungo edizioetan 3.000 orrialde inguru izan ohi ditu.
Handik sei hilabetera, beste idazlan arrakastatsu bat kaleratu zen: Amerikako hamahiru Estatu Batuen ahobatezko aldarrikapena. Askoz laburragoa eta teorian bederen, ehunka milioi pertsonek irakurri eta buruz jakin behar omen luketena. Eta, noski Gibbonek inoiz gogoko izan ez zuena. Beti izan baitzen orduantxe zertzen ari zen Estatu Batuen independentziaren etsai porrokatua.
Baina, mutatis mutandis, ematen du milioika estatubatuar, Gibbon nor izan zen eta zer zioen jakin gabe ere, hein batean, haren jarraitzaile bihurtu direla. Gibbonen tesia, gaur egun historialarien artean ia erabat baztertuta dagoena, baitzen kristautasunak ekarri zuela Erromatar Inperioaren akabera. Trumpen jarraitzaile ugarien artean sozialismoari eta abarri buruz pentsatzen dena, hain zuzen.
Kasu bietan, gainbehera nolabait esplikatu behar delako, agian.