San Isidro

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2020ko mai. 15a, 13:11

Tierno Galván zenari zor diot neure kezka intelektual bihurrienetako bat argitu izana.

Ulertezina egiten zitzaidan nolatan izan zitekeen San Isidro Madrilgo patroia. Gure artean, eta ingurumarian, baserritarren patroia zen, eta da, Isidro hori. Baserritar baserritarrena. Urtean, seguruenera, egun horretan bakarrik jai hartu eta bazkaltzera joaten ziren baserritarrena. Eta arratsaldean, aizkora-apusturen bat, edo pilota-partiduren bat... Neure bizitzan ikusi dudan ahari apustu bakarra San Isidro egun batean ikusi nuela uste dut.

Misterio bat zen niretzat santu bera nola izan zitekeen Madril dotore eta jauntxotuaren patroia. Badakigu leku berberean bizibideak erabat alda daitezkeela mendeen joanean... baina XVI. mendekoa omen zen Isidro; eta XVI. mendean Madrid ez zen jada nekazari herrixka bat.

Bere bando ospetsuenetako batean, duela 35 urteko Sanisidroetarako atera zuenean, argitu zidan Tierno Galvánek auzia: "Otros milagros hizo, entre ellos uno que causa la mansa envidia de la mayoría de los madrileños, pues mientras él estaba en oración, los ángeles, trabajando por él, labraban sus tierras".

Hartaz gogoratu nintzen herenegun, Cayetanoen matxinada deitu duten horretan bat ikusi nuenean trafiko-seinalea golf-makilarekin egurtzen. Izan ere, benetan, maiatzak 15 eta korridarik ez golfik gabe egon behar izatea, gogorra izan behar du benetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!