Tsushima

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2020ko api. 24a, 12:41

Historialari serioei irakurri diet, beraz, sinestekoa izango da. Tsushimako batailaren ondorio nagusia ez omen zen izan historia militarretan agertzen den hori, hau da, gerraontzi modernoen, altzairuzkoen, ahalmenak eta arazoak agerian utzi zituela, hori ere egia izanik. Ezta ere munduko historialari eta ez historialari gehienek esan eta berresan dutena: 1905eko Errusiako iraultza sutu zuela. Hori ere egia izanik.

Beste historialari horien tesia da 1905eko maiatzaren 27-28 hartan, Korea eta Japonia artean dagoen Tsushimako itsasartean Togo almirante japoniarraren ontzidiak ez zuela soilik hondoratu errusiar Baltikoko Flota (bai, Baltikokoa, baina luze joango litzateke horren zergatia kontatzea; bego beste baterako). Europako potentzia nagusiei Asiako herrialde handienek zieten errespetua, beldurra, begirunea ere hantxe joan zela pikutara, diote. Eta gero, gerokoak: XX. mendean Asia Ekialdean gertatu zen guztia, alegia.

Bada, hori egia bada, ez dut pentsatu ere egin nahi zer ekarriko duen Covid-19aren mundu-gerrak. Asia Ekialde osoari, batzuei gehixeago eta besteei gutxixeago, argi baino argiago geratu baitzaio Mendebaldea, oro har, ez dela gai bere osasun publikoa bezain interes funtsezkoa eraginkortasun minimo batez zaintzeko ere.

Non geratuko ote da Mendebaldearen indar biguina honen ondoren?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!