Uste dut inork ez duela zalantzan jarriko Alemaniako Hanaun hamar pertsona akabatu ondoren bere buruaz beste egin omen duen Tobias Rarhjen hori pitzatuta, burutik eginda, zegoela. Aurpegia ikustea nahikoa dela, esango nuke... pasa eta gero, noski. Burutik oso jota egon behar baita horrelakoak egiteko.
Baina, asko edo gutxi, burutik jota gehienok egon gintezke, guzti-guztiok ez esatearren. Eta ez gara horrelakoak egiten aritzen. Are gutxiago Anders Behring Breivikek duela 9 urte Norvegiako Utoyan egin zuena bezalakoak egiten.
Beraz, galdera egin beharko da zergatik pentsamolde jakin batzuek dituzten pitzatuek duten horrelakoak egiteko joera. Alegia, barren pitzatu horretan etsaitzat jo dituztenak joan eta akabatzeko joera. Betiere baldintza nabari batekin: etsaitzat hartu dituztenak izan daitezela ahalik babesgabeenak, gizagaixoenak.
Epikarik gabeko basakeria horretan, hau da, gerlari izan nahi luketen matarifeen pitzadura horretan, ideologiak zer paper jokatzen duen argitzen saiatu beharko genuke. Pizgailua ote den; bultzagilea, lagungarria, mozorroa, ondorioa ote den... Eta neurriak hartu, jakina.