Hilabete daramagu mundu osoan Wuhango coronavirusaren izurriteari begirik kendu gabe. Ez dut esango gehiegizko arreta denik. Han gertatzen ari dena ez da txantxa: Txinako eskalan ikusita, zenduen eta gaixoen kopurua sekulakoa ez bada ere, ondorio sozialak eta ekonomikoak ikusgarriak dira jada, mundu mailan ere.
Baina kasualitateak nahi izan du antzeko emergentzia izan daitekeenarekin batera suertatu dela Wuhangoa. Eta honi buruzko arretak ez du kolorerik ere. Afrika ekialdearen zatia handi bat, Somalia, Etiopia, Kenia eta Uganda bereziki, basamortuko otiaren, langostaren izurritea pairatzen ari da. Milaka milioi kide dituzten oti-lainoak kimatzen ari dira parean aurkitzen duten labore eta landaredi guztia. Gizakien eta abereen elikagaia izan behar lukeena, alegia. Erakunde humanitarioak esan eta esan ari dira gosete latza etor daitekeela.
Baina deiadar horrek apenas aurkitzen duen ohiartzunik hedabideetan. Afrika ekialdea ez dago munduko hornidura industrial eta teknologikoen katean, Txina bezala.