Mormoiak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Aramendi 2020ko ots. 7a, 11:56

Arazo serioa daukat mormoiekin, hara. Doktrinagatik balitz, sinesmen edo filosofia gutxi izango lirateke munduan niretzat ulergaitzagoak mormoien fedekoak baino. Hilabeteak eman nituen Mormonen Liburua irakurtzeko ahaleginak egiten. Alferrik. Apalean jasota dago. Ez dut uste handik mugituko denik.

Eta hala ere, beti miretsi dut mormoi gaztetxoen mixiolari-kemena, adibidez. Inoiz ez dut entzun, gurean behintzat, fededun berri bat lortu dutenik; baina hain ziur ikusten dituzu berean...

Haiexek zatozkidan burura lehengoan Estatu Batuetako Senatuan Mitt Romney ikusten nuenean Trumpen aurkako boto errepublikar bakarra ematen. Halako iraina, txikia baina politikoki gaizto-gaiztoa, beraz, okerrena, egiten dionari nolako gorrotoa gordeko dion mendeku-grina zainetan daraman horrek..., nik baino hobeto jakin behar du Romneyk. Erraza baino errazagoa zuen, esango nuke, beste errepublikar askok bezala, taldean gorde eta oharkabean geratzea. Baina ez.

Ez naiz mormoi bihurtuko, ziur; baina batzuetan pena ematen du mormoiak horren gutxi izateak. Gurean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!