Kartagori buruz egin nahi nuke gogoeta gaur.
Ehun urte betetzen baitira, xuxen-xuxen, gaur Versaillesko Tratatua izenpetu zenetik. Askotan esaten da, Lehen Mundu Gerra itzali baino gehiago, Bigarrena sutu egin zuela Versailleskoak.
Orduan hori aurreikusi izanari zor dio John Maynard Keynesek bere ospearen parte handi bat. Historialari asko, ordea, ez daude batere ados ikuspuntu horrekin. 1929ko krisiak eragin zuzenagoa izan zuela uste dute.
Hala ere, ia inork ez du ukatzen Keynesek orduan esan zuenaren bigarren aldea: "Bake Kartagotarra" izan nahi zuela Versailleskoak. Hau da, Erromak Kartagori ezarri zizkion "bakeen" antzekoa. Batez ere, II. Gerra Punikoaren ondoren. Berriro burua altxatzea ezinduko zioten bakeak.
Datorren astearteen edo asteazkenean sinatuko omen da Washingtonen Estatu Batuen eta Txinaren arteko bake komertziala. "Bake Kartagotarra" izan zedila nahi zuten batzuek. Baina ez da horrela izango.
Estatu Batuak ez direlako Erroma? Txina ez delako Kartago? Ala ez delako bakea?