Pasa den astean Pablo Iglesiasek eta Irene Monterok erosi duten etxea ezagutu genuen. “Ezagutu” esaten dut piszinan bainu bat hartzea besterik ez zaigulako falta.
Hasieran, albistea irakurri nuenean, ez nuela sinestu aitortu behar dut. Indak asmatutakoa edo exajerazio bat izango zela pentsatu nuen. Baina ez. Egia da. Asuntu hau ez da, inolaz ere, egun gure artean dagoen arazorik larriena, baina neurri handi batean, oso sinbolikoa izaten ari da. Nire ustez, politikoki, inkoherentzia galanta (eta beste gauza batzuk) adierazten ditu, baina azken batean, hori Podemos-eko kideek eta hautesleek baloratu beharko dute. Beste alde batetik begiratuta, asuntuari puntu surrealista bat ikusten diot: Iglesias eta Monteroren eremu pribatua izan beharko litzatekeena publiko bihurtu da Podemos-en antzematen den pertsonalismoa mutur bateraino eramanda. Nola da posible estatu moderno batean hau gertatzea eta, gainera, politika berria-ren eskutik ailegatzea?
Lehenengo Vistalegre-tik hona distantzia handia ikusten dut, eta ez denboran, 4 urte besterik ez delako pasatu. Hasierako “gu” (jendea, jende arrunta) galtzen ari dela eta horren ordez gero eta handiagoa den “ni” bat dagoela iruditzen zait. Ez dakit nola sentituko diren Podemos-eko militanteak, hautesleak eta gainontzeko kargu publikoak; ni ez nintzateke oso pozik egongo. Ukitu nahi zuten zerua pixka bat urrutiago ikusten dut orain, eta ez zerua mugitu delako.