Larunbat honetan, urtean zehar dudan festarik dibertigarrienetariko bat izan nuen. Orain dela urte batzuetatik, apirila aldera, Tuterako Jesuitas-eko gure promoziaren bazkaria egiten dugu, eta denboraren poderioz egun horrek guztion agendetan ohorezko tokia lortu du. Ez da esan behar 30 urtetan bizitzak oso toki ezberdinetara eraman gaituenik, eta bai bizimodua, bai ideologia, eta baita bizitza ulertzeko era ere oso ezberdinak direla gure artean. Hala ere, beti bezala, gauza guztien gainetik elkarrekin pasatutako urteak eta bizipenak egon ziren... hitz magikoa atera arte. Suposatuko duzuen bezala, hitz magikoa EUSKARA da. Euskara eta bere eremu semantiko osoa: inposizioa, euskara ez badakizu ezin izango duzu lanpostu bat lortu Nafarroa osoan, eta abar. Hori bai, euskararen dekreto berriaren hitz bat bera ere irakurri gabe eta datuak eta Administrazioan dagoen hizkuntza egoera ezagutu gabe. Ez nuen mundua deskubritu, jakina; ez nuen inongo sorpresarik hartu eta eguna oso ongi bukatu zen, baina triste samarra da.
Okerrena da, nire ustez, horrela pentsatzen eta hitz egiten duen jende asko ez dela gutxi formatutako jendea, gizartearekiko konpromisorik ez duen jendea edo halakorik. Ez. Nor bere bizitzan profesional ona, pertsona ona eta lagun ona da, baina gai honetaz hitz egiten denean, leihorik gabeko pareta bati hitz egitea bezala da.