Lotsagarria

Erabiltzailearen aurpegia Anika Lujan 2018ko api. 10a, 08:27

Estatuko politika mailan, Aste Santuko oporraldi honek albiste ugari utzi dizkigu, zein baino zein deprimenteagoa.
Cristina Cifuentes-en masterraren asuntua, gainera, izugarrizko iraina da. Iraina ikasketak ordaintzeko eta aurrera ateratzeko ahalegintzen den jendearentzat, gazteak eta ez hain gazteak. Horietako askok, gainera, ikastearekin batera baldintza txarreko lanen bat egin behar izaten dute unibertsitatea ordaindu ahal izateko. Oposaketak gainditzeko buru-belarri ari den jendearentzat ere bada iraina. Eta azken batean, guztiontzat, bizitzaren eguneroko miseriekin borrokatu behar dugulako, eta dugun guztia gure lanari esker lortu dugulako, inongo oparirik jaso gabe. Honen aurrean, gertaera lotsagarri honen protagonisten nagusikeria eta biktimismoa besterik ez dugu ikusi. Momentuz, erantzukizunak onartzeko asmorik ez.
Alderdi Popularra norgehiagoka dabil Ciudadanos-ekin ea nor den espainolagoa eta zentralistagoa, eta bere etxea garbitu beharrean, asteburu honetan, Sevillan, Ana Beltrán eta bere histrionismoa berriro Nafarroako salbatzaile agertu dira. Badirudi Nafarroaren Batasunizazioa kontzeptua gustuko duela.
Larunbatean Standard & Poor's agentziak Nafarroaren kalifikazioa igo duela iragarri zuen. Espainako kalifikazioaren gainetik geratu da eta txostenak gure ekonomiaren norabide ona, finantzaketa-sistema propioa eta, batez ere, Gobernuak lortu duen azkeneko Hitzarmen Ekonomikoa azpimarratu eta goraipatzen ditu. Baina Alderdi Popularrak ez du honetaz hitz egiten. Ez honetaz, ez master batzuei buruz. Batasunizazioa gehiago interesatzen zaie.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!