Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean Tuterak NO esaten du. Tuterak ez du EZ eta NO esaten, edo NO eta EZ. Tuterak soilik NO esaten du.
Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak genero bortizkeriaren kontrako sentikortasun-kanpaina bat prestatu dute, eta beste jarduera batzuen artean, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek mezua bateratu egin dute: “Nafarroak ezetz dio / Navarra dice no”. Mezu hau udalerrietan pertsonalizatu egin da. Pertsonalizazio horretan, Tuterako udalak mezu elebakarra aukeratu du, gaztelera hutsean.
Guztiz legala dela badakit, eremu ez euskaldunean egonik, udalak ez baitu euskara erabiltzeko inongo beharrik. Baina hala ere, Euskararen Legearen atariakoak hauxe diola gogoratu behar da: “Nafarroaren moduan, beren ondarean hizkuntza bat baino gehiago edukitzeaz harro diren erkidegoak beharturik daude altxor hori begiratu eta babestera eta haren hondatzea eta galera eragoztera”. Ez naiz ni izango Euskararen Legea defendatuko duenik, oso ongi baitakit zer min egin dion lege honek euskararen normalizazioari Nafarroan, baina zerbait aprobetxagarria baldin badauka, ideia hori da.
Goian aipatutako kanpainan, hainbeste kostatzen zitzaion Tuterako Udalari mezu elebiduna jartzea? Zer kalte egiten du horrek? Zer irabazten dugu euskara ikusezin mantentzearekin, existituko ez balitz bezala? Begibistan da Tuterako Udalak ez duela inongo pausorik ematen Legeraren atarikoak diona betetzeko, ikusezin mantentze horrek hizkuntza bat galtzen laguntzen duela baloratu gabe.