Zenbakiak eta datuak modu ezberdinetan azter daitezke eta askotan ñabardurak alde batera uzteko joera dugu.
Pasa den larunbatean Ribaforadan izan nintzen lagun batzuekin bazkaltzen. Mahaian eserita geundela, Ribaforadako etorkin-populazioaren gaia atera zen. Denok dakigu Erriberan, nekazaritza dela eta, etorkinen kopurua altua dela: magrebiarrak, Saharaz hegoaldeko afrikarrak, latinoamerikarrak eta Europako ekialdekoak gehien bat. Castejon da etorkinen kopururik altuena duen Nafarroako herria: 4.100 biztanlerekin, %22’5 inguru etorkinak dira, gehien bat musulmanak. Ribaforadari dagokionez, 3.600 biztanleetatik %15’5 beste herrialde batzuetatik etorriak dira, hau da, 550 pertsona inguru.
Baina bertako batek aipatu zuen datuak harrituta utzi ninduen. Esan zuen bezala, Ribaforadan 30 nazionalitate ezberdinetako pertsonak bizi dira. 30 nazionalitate eta 4 erlijio: katolikoa, ebanjelikoa, ortodoxoa eta musulmana. Horrekin batera, hainbat hizkuntz eta ohitura. Munduan 194 herrialde daudela ontzat hartuta, 194tik 30 ez dago batere gaizki. Hau dena 3.600 biztanleko herri batean.
Nire galdera hauxe da: posible baldin bada kultura-mosaiko honetan elkarrekin bizitzea, nola ez da posible izango Nafarroan elkarbizitza normalizatuagoa izatea?