Gaurko hausnarketari D eredua Erriberan (2. atala) jarri diot izenburu. 2. atala bi zentzutan: Alde batetik, orain dela egun batzuk, hemen hitz egin nuenean, zabaldu gabe zeuden Erriberako hainbat herritan banatu diren D ereduaren aurkako eskuorriak. Bestetik, eremu ez euskaldunean D eredu publikoa eskaini den bigarren aldia izan da. Biek merezi dute aipamen bat.
Eskuorriei dagokienez, zer esango dizuet? Agertu direnetik asko hitz egin da eta askok azaldu dugu publikoki gure iritzia, beraz, ez dut esandakoa errepikatuko. Gutxitan esaten duguna da zer neketsua den pareta baten kontra jotzea behin eta berriro eta zer mingarria den halako “panfletoa” zure etxean aurkitzea. Baina tira, besteei ezin diegu potere hori eman. Irakurketa positiboa eginez, agerian gelditu da, berriro ere, nor diren sektarioak, nazionalistak eta manipulatzaileak. Eta agerian, baita, jokabide zikinak erabiltzeko beharra.
Bigarren asuntuak gehiago kezkatzen nau, Tutera aldean D ereduaren eskaintzaren porrotak hain zuzen ere. Datu ofizialak guztiz aztertu gabe, eskola publikoetan talde bat bera ere ez dela osatu badakigu; ia eskaerarik ez. Ikastolan, ikasle kopuru txikietan murgilduta jarraitzen dugu. Gaurtik aurrera nork bere irakurketa egingo du eta batzuk eta besteek datuak erabiliko dituzte bere diskurtsoa elikatzeko. Nire irakurketa egina dago, ez dut datu gehiagoren beharrik: eremu honetan, euskara dugu galtzaile. Beharbada, zerbaitetan ez gara asmatzen ari.
Bukatzeko, azkeneko gogoeta bat: hemen, Tuteran, geografikoki ez ezik, kontzientzia ere zonifikatu du Euskararen Legeak.